GORBEIALDEK NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO HONDAKINAK BIRZIKLATZEKO SISTEMA BERRITZAILEA JARRIKO DU ARRATIA-NERBIOI ESKUALDEAN

Fecha de Publicación: 24/07/2013

 
2013a amaitu aurretik martxan ipini nahi dute berotegietako eta siloetako plastikoak, belar bolenak , fardoak lotzeko sokak eta beste hondakin batzuk biltzeko sistema berria
  • 12577_eu-gorbeialdea-m.jpg
    Gorbeialdea

GORBEIALDEA. (2013-07-19)- “Gorbeialde” Landa Garapenerako Elkartea lanean ari da, aurten, Arratia-Nerbioi eskualdeko berrehundik gorako nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan sortzen diren hondakinen gaikako bilketa martxan jartzeko. Doako proiektu honen helburua nekazarien eta abeltzainen iraunkortasuna hobetzea da ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan. «Ingurunea kutsatzea nabarmen murriztu nahi dugu, eta Europar Batasunak ustiategien hondakinen kudeaketaz ezarritako eskakizunak betetzeko bidea erraztu nahi diegu», adierazi du Sonia Barrondok, proiektuko arduradunak.

 

Joan den maiatzean proba pilotua burutu zuten. Ordukoan, besteak beste, plastikoak, hesi elektrikoetako bateriak, botikak eta landare-osasunarentzako produktuen ontziak batu zituzten. Behin ekimenaren onurak egiaztatuta, orain behin betiko ezarri nahi dute interesdunen artean. Horretarako, abuztuan hasi eta iraila amaitu arte “Gorbeialde” banan-banan jarriko da harremanetan proiektuaren onuradun izan daitezkeen guztiekin, «ekimenaren zehaztasunak azaltzeko eta interesik baldin badute, berehala izena eman ahal izan dezaten», Barrondok aurreratu duenez.

Hala, interesa duten ustiategi guztien zerrenda egin eta gero, edukiontziak ipiniko dituzte.   

 

SISTEMA BERRITZAILEA

Gris koloreko edukiontzi bana jarriko dute plastikoak eta sokak biltzeko, eta aldian behin baimendutako kudeatzailearen kamioia bertaratuko da hondakinak biltzera. «Behin edukiontzia beteta dagoenean, titularrak berak “Gorbeialde”ra deitu beharko du hondakinen bilketa eskatzeko. Horrela, ustiategiei zerbitzu hobea eskaintzen diegu», gaineratu du.

 

Ikuspegi ekonomikotik, sistema berri honek gastua txikitzea ekarriko du, hasieratik hondakinak gaika bilduz gero, “Gorbeialde”rentzat ere askoz errazago izango da-eta sistemaren kudeaketa etengabea egitea. «Horretarako, baina», azpimarratu du Barrondok, «ezinbestekoa da parte hartzea erabakitzen duten ustiategiek konpromisoari eustea, eta plastikoak era egokian biltzeko ardura hartzea».

 

 

Documentos relacionados:

Gorbeialdea (.pdf 80,92 KB)

 

Deja un nuevo comentario:

Al dejar un comentario aceptas la política de protección de datos de Gorbeialde y la política de publicación de opiniones en el sitio.

 

Berriak

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25