Bola-jokoan neurtuko dira Zeanuriko kofradiak Altzustan

Fecha de Publicación: 19/09/2017

 
Urri lehenengoaren 30ean, zapatuan, Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea.

Urri lehenengoaren 30ean, zapatuan, Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea, San Migel jaien egitarauaren barruan. Udalerria osatzen daben zazpi kofradietako ordezkariak izango dabe taldeka jokatzen dan txapelketa horretan parte hartzeko aukerea: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.

Taldea 4 bolarik osatuko dabe, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo dauz, eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botatzen dauan taldea izango da irabazlea eta bardinketa egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.

 Danel Beitiarentzat bakarkakoa

Aurtengo udan, bakarkako hiru txapelketa jokatu dira Zeanurin: Altzuan, San Juston eta San Lontzon —Ipiñan ez zan jokatu euria egin ebalako—, eta toki bakotxean sailkatu ziran lehenengo hiru bolariak hartu eben parte Zeanuriko bakarkako txapelketan, San Lontzo bigarren egunean. Irabazlea, Danel Beitaia 14 urteko mutikoa izan zan —igaz bigarren tokia eskuratu eban—, eta bigarren eta hirugarren tokietan Maximo Beitia eta Joseba Kortazar sailkatu ziran. Hiru bolari honeek kofradien txapelketan be parte hartuko dabe: Danel eta Maximo Beitia osaba-lobak Otzerimendigaz eta Joseba Kortazarrek Uribegaz.

 Babeslea eta laguntzailea

Kofradien arteko txapelketa hau antolatzea ezinezkoa izango litzateke erakunde eta enpresa pribatuen laguntza barik, eta  Zeanuriko Udalaren babesa eta  Altzustan bertan dagoan Ellauri Hoteleko Kiloterdi Txokoaren babesa izango dau.

Sariak honako honeek izango dira: talde irabazleak 120 € eta kilo eta erdiko bi txuleta bere osagarriakaz bakaltzeko edo afaltzeko aukerea izango dau Kiloterdi Txokoan, Ellauri hotelaren jatetxean.  2. saria: 100 €koa izango da eta 3.a 80 €koa. Igaz Ipiñaburu-Undurragako taldeak jantzi eban txapela, baina aurten indartsu ei dator Otzerinmendi, bakarko txapelketako lehenengo bi sailkatuak, Danel eta Maximo Beitia osaba-lobak, talde horretako bolariak dira eta.

Txapelketea hasi aurretik, 16:30ean umeei be bolan jokatzeko eta kirol hau ezagutzeko aukerea eskainiko jake; horretarako, euren arteko lehiaketea antolatuko da.

Beraz eskuzuloak, txorra, sinka, hirukoa, txakile, zubile, txirloa, arrapea… eta beste berba batzuk entzuteko aukera izango Altzustako bolatokian urria lehenengoaren 30ean, arrastiko 17:00etatik aurrera.

Documentos relacionados:

Kartela 2017 (.pdf 485,67 KB)
Kofradiak 2017 (.pdf 184,06 KB)

 

Deja un nuevo comentario:

Al dejar un comentario aceptas la política de protección de datos de Gorbeialde y la política de publicación de opiniones en el sitio.

 

Berriak

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25